Euskal Herriko Hazi Ekologikoak

Aleka elkartea egungo hazi-merkatuaren alternatiba sortzen diharduen ekimena da, hazi-merkatu horrek uniformetasuna eta higadura genetikoa nahiz kulturala inposatzen baitizkio gure nekazaritzari. Alternatiba hori eratzeko, Alekak:

Landaketen bioaniztasuna sustatzen du gure lurraldean, bertako nekazaritza- eta kultura- baldintzetara espezifikoki moldatutako hazi-barietateak merkaturatuz.

Artisau eran ekoitzitako haziak eskaintzen dizkie amateurrei nahiz profesionalei. Haziak Euskal Herriko ustiapen agroekologiko txikietan ekoizten dira baserritar sare antolatu baten baitan.

Zuzeneko merkaturatzearen alde egiten du, gertuko kontsumoaren bidez, konfiantzazko lotura eta harreman berriak sor daitezen hazi-ekoizleen eta gure lurraldeko nekazaritza sektorearen zein amateurren artean.

Elikadura burujabetza sustatzen du agroekologiaren bidez, oinarritzat hartuta gertuko bezeroentzako haziak bertan ekoiztea.

Haziek, berez, bizidun berriak sortzeko gaitasuna dute…

Eta gizartearen eraldatze-prozesuak sorrarazteko ahalmena ere badute, nekazaritza eta elikadura oinarri hartuta.

 

Haziak oroimen-ontzi txikiak dira…

Gure oroimen biokulturalaren kontakizuna dute beren baitan eta, haziekin lan eginda, ahaztutako historiaren zati bat berreskura genezake.